XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nik, galdetu, galdetzen dut baina gurasoek, ez dakit ba, ez dute beti gure galderentzat erantzunik.

Aita da, bestalde, endredook askatzen abilena. Galdetu amari, dio, eta hor konpon marianton, amaitu dira galderak harentzat.

Behin andereño Tereri galdetu nion ametsengatik.

Ez zidan erantzun garbirik eman. Esan zidan ez direla errealak. Bada, nik, batzuetan, negar egiten dut eta iratzartzen naizenean, negar egiten jarraitzen dut.

Bizi egiten ditut ametsak, erantzun nion. Bizkarretik goxo-goxo oratu eta, ala, zoaz lagunekin jolastera, esan zidan.

Igorri ere horixe bera aipatu nion eta ea euskaraz ala erdaraz amesten dudan galdetu zidan.

Galdetu ere! Ni euskalduna naiz baina erderaz ere badakit: gaztelaniaz eta ingelesez.

Ingelesez gutxi, egia esan, gustatu ere ez baitzait asko gustatzen.

Gaztelaniaz berba egiten dudanean, gurasoek barre egiten didate, eta ez dakit zergatik. Gehiago jorratu beharko nukeela esaten didate.

Ingelesez mintzatzen naizenean, berriz, ez dute barrerik egiten. Ulertu ere gutxi, haiek. Beraz, ondo zein txarto egin, bost haiei!

Baina zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi, hobe dela azpimarratzen didate. Norberarentzat aberasgarri ez ezik, munduan ibiltzeko ere garrantzitsua ei delako. Eta izango da, zeren Frantzian egon ginenean, nork ulertu hangoen berba-jario ulertezina?

Euskarak ere badu bere tokia beste hizkuntza nagusien artean, horixe entzun nion behin amari.